mayorga bas façade

Ikastetxea – historia

Maria Saindua – Maiorga ikastetxea Donibane Garazin da, Pirinio Atlantikoetan.
Donibane Garazi Baxenabarreko hiriburua da. Garaziko ibarrean da, Orreagako lepoaren behereko aldean, Espainiako mugatik 8 km-tan, Iruñeatik 76 km-tan, Baionatik eta Biarritzetik 55 km-tan, Pauetik 100 km-tan. Euskal Herriko bazter guzietara joaten diren bideak Donibane Garazitik iragaten dira.
Donibane mendiz inguratu ibar baten erdian da. Hiriko alde zaharra harresiz gerizatua da. Harresi horiek Erdi Aroan altxatuak izan ziren lehenik, eta gero VAUBANek suntsitu eta berriz altxatu zituen. Geroztik, hiria anitz zabaldu da, harresien kanpora, eta 1490 bizilagun biltzen ditu, orain.
Ezagutzen dugun Donibane Garaziren historia Erromatarrekin hasi zen (K. a. V. mendean). Horiek zuten Eiheraberriko zubia eraiki. Hain zuzen, zubi horri «zubi erromatar» erraten zaio.
Ekonomiaren aldetik, hiria gehien bat merkataritzari eta turismoari esker bizi da: hotel, jatetxe, kafetegi eta mota anitzeko saltegi andana batek turistak erakartzen ditu, udaberritik goiti, batez ere udan, eta udaberrian ere, ihizi sasoinean. Gainera, inguruan, iraupen eskia egiteko parada bada (Irati, Gourette), «sasoina» neguan segiaraziz.

HISTORIA:

Maiorga kolegioaren izena Joan Maiorga dohatsuaren omenez eman zaio. Joan Maiorga 1531n sortu zen, Donibane Garazin, eta martiri hil zen, 1556an, Brasil ebanjelizatzera abian zelarik.

1894an, Aita ARBELBIDEk eskola sortu zuen, misionest kongregazio bat antolatzeko xedez. Aita ARBELBIDE Zaron sortua zen (Donibane Garazitik 3 km-tan den herri ttipi batean). Haren proiektuaren arabera, eskola hori prestakuntza zentro bat izan behar zen, seminario ttipi gisako bat, kongregazio hortako kide berriendako. Ikastetxearen zuzentzeko, PLOERMELgo fraideei dei egin zien. Horrengatik, luzaz, «Fraideen eskola» erran zaio. Pentsatu proiektuak ez zuen segidarik izan, Baionako apezpikuarekin izan gaizki ulertze batengatik, horrek ez baitzuen kongregazio berririk nahi; baina kolegioa altxatua zen.

1905ean, eskolak zailtasun haundiak bizi izan zituen, Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketaren ondorioz. Frantzia osoan bezala, fraideak kanporatzeaz mehatxatu zituzten, ez baldin bazioten beren erlisionezko egoerari uko egiten. Batzuk Espainiara erbesteratzea hautatu zuten, bertze batzuk hor berean gelditu ziren, beren sotana utziz, bainan beren bokazioari leial segituz.

1943an, azken fraidea erretretara joan zen. 1948an, diozesako kleroak eskola bere eskuetan hartu zuen, irakasle giristino batzuen laguntzarekin; 1968an, irakasle horiek zuzendaritza beren eskuetan hartu zuten. 1980an, buruileko sartzean, lehen mailako gela guziak misto bilakatu ziren eta harresietarik hurbil den Maiorgako partearen behereko aldea hartu zuten.

J.B. ETCHARREN